Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Altzo
2009ko uztailak 3, Ostirala

;2007-10-07;ALEGIA . GIZARTEA . Kontu jalea . Arantxa Iturbek 'Arratsaldekoa' saioa aurkezten du astelehenetik ostiralera Euskadi Irratian; kazetariak argi du «gustuko ibilbidea» aukeratu duela

alegia » gizartea

Kontu jalea

Arantxa Iturbek 'Arratsaldekoa' saioa aurkezten du astelehenetik ostiralera Euskadi Irratian; kazetariak argi du «gustuko ibilbidea» aukeratu duela

idoia etxeberria (Berria)

Kontu jalea da Arantxa Iturbe alegiarra. Umetatik gainera. Bere amak behintzat hala dio: entzuten egoten zela beti, isilik eta serio arraio. Orain ere entzule fina da, baina «hizlaria eta hiztuna» ere bada, Nekane Peñagarikano lankide eta lagunaren ustez: «Euskal irratigintzako alma mater bat da». Iturbe aldamenean baitago lotsatu egin da hitz horiek entzutean: «Alma mater? Faborez!». Euskadi irratiko erredakzioan barreak irratiaren murmurioarekin eta telefono hotsekin nahastu dira.

«Oraintxe gaude lasai». Arratsaldekoa irratsaioa bukatu berri dute kazetari eta idazleak. Lehen egitekoa: zigarroa erretzea, kanpora irtenda. Tabakoa eta kafea ezin utzizko bizioak dituelako Iturbek. Txokolatea ere bai. «Neurrigabe gustatzen zait! Mizkina naiz oso jaten; apetitu txarrekoa». Eta lana. Lana ere bizioa da harentzat: «Ez dut inoiz deskonektatzen. Etxean pentsatzen aritzen naiz bihar zer egin daitekeen, entzuten edo irakurtzen... beti lanaren inguruan. Alde txarrena hori da: ikustea 24 ordu ez, bizitza osoko dedikazioa dela!». Ama, emazte eta etxekoandre lanen kaltean. «Astelehena iritsi delako penaz egoten dira asko. Ni ez. Benetan diot. Disfrutatu egiten dut lanean».

Argi dauka gustuko ibilbidea hartu duela. Kontatzeko zaletasuna txikitatik du. Irudimena, jakinmina. Antzezlanak asmatzen zituen, etxeko ganbaran, lagunekin. Sei urterekin irabazi zuen lehen ipuin lehiaketa. «Uste dut ordurako ziur nengoela idazle izan behar nuela». Horregatik ikasi zuen Kazetaritza, idatzi nahi zuelako. Eta irratiarekin egin zuen topo: «Hura ere kontatzea zen, baina idatziz beharrean ahotsez. Pertsona bati historia kontaraztea, bozgorailu batekin. Formula zoragarria iruditu zitzaidan. Eta ahaztu zitzaidan pixka bat literatura idazteko asmoa».

Baina ez betiko. Denborarekin, ipuinak idazten hasi zen. «Oso inpultsiboa naiz». Bulkadaz jokatzen du: hasi eta buka. Horrexegatik da haren estiloa «zehatza, azkarra, zuzena eta laburra». Bizia. Amatasunaz idatzi zuen liburuak jende dezente aztoratu zuen; ordutik, sarri entzun behar izan ditu bere haurdunaldi txarraren gaineko komentarioak. Hamar urte igaro arren: «Ze emakumeek umeak izaten jarraitzen dute! Gaizki pasatu nuen, eta kristoren terapia izan zen idaztea. Baina ez nituzke ezergatik aldatuko nire semea eta egoera! Txoratzen nago nire umearekin».

Garrantzitsuena

Bizitzan inportanteena zer den galdetuta, barrez hasi da: «Galderak egitea hain da polita eta erantzutea hain da zaila! Eskerrak eman beharko genizkieke gure programatik pasatu diren guztiei!». Baina aurkitu du erantzuna, Joxean Artze poetak elkarrizketa batean esan ziona bere eginez: «Esan zuen inportanteena nork bere burua ezagutu eta onartzea dela. Non zauden eta zertarako, muga horiek ezagutzen joatea. Eta gero, ahalik eta zoriontsuena bizitzen saiatzea! Eta ahalik eta min gutxiena eragitea inguruan». Arantxa Iturbe «gauza txikiek» egiten dute zoriontsu: irakurri, idatzi, lagunekin kafea hartu... «Lagunek egiten naute zoriontsu, maite dudan jendeak».

«Harreman txarrek loa galarazten didate». Giza harremanak dira haren esparrua, hala kazetaritzan nola literaturan. «Hori da bizitzaren oinarria! Harremanik gabe, zer bizimodu?». Hori bai, ez du bidaiatzea atsegin: «Iruditzen zait jende askok nahasten duela urrutira joatea jendea ezagutzearekin. Oso gertuan jende asko eta oso interesgarria ezagut daiteke». Gela barrutik mugitu gabe bidaiatzen du: «Liburu on batekin sekulako bidaia egin zenezake. Besteen bidaiak entzuten ere bai; nahikoa dut horrekin, ez daukat eltxo baten ziztada sentitu beharrik. Eroso sentitzen naiz metro koadro gutxitan; ez naiz preso sentitzen».

Saiatzen ari da igeri egitea eta paseatzea plazer bihurtzen, baina ez dute betetzen erabat. Irratia belarrian duela paseatzen da, nola ez. Lotarako ere, irratia: «Asko maite ez dudan kateren bat jartzen dut, kirol saio bat edo; lo hartzeko modu bakarra da!». Barre errazekoa da Iturbe; eta Peñagarikanoren arabera, lagun ona: «Beti hortxe dago. Esker onekoa da, eta parean daukana ulertzen daki. Eta zerbait txarra... beldurtia dela, eta hipokondriako samarra! Beti zer txar etorriko!».

Argazkiaren unea: laster lantoki izango duten gela gris eta hutsean. Peñagarikanok bizkor ekarri du mikroa, atrezzo lanak eginez: «Aran, jar ezan kablea lepoan!». Barre egin dute. Hein batean, horregatik du hain maitea Iturbek bere lanbidea. «Lagun arteko lana da. 20 urte daramatzagu elkarrekin. Hori luxua da, pribilegioa!».




 

arantxa iturbe

idazlea eta kazetaria

«Sei urterekin irabazi nuen nire lehen ipuin lehiaketa; ordurako uste dut ziur nengoela idazle izan behar nuela»

«Bizitzan inportanteena nork bere burua ezagutu eta onartzea da; non zauden eta zertarako, muga horiek ezagutzea»



Agenda

Ikastaroak

Eskulan ikastaroak
TOLOSA, Zuentzart eskulan dendan - 2009-06-26

Ikastaroak

Arraunean ikasteko
TOLOSA, - 2009-06-17

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.