Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Altzo
2008ko abenduak 2, Asteartea

;2007-03-15;KARLOS LINAZASORO . IDAZLEA . «Neure buruari barre egitea liberazio modu bat da, babes mekanismoa»

karlos linazasoro » idazlea

«Neure buruari barre egitea liberazio modu bat da, babes mekanismoa»

Heriotza, inkomunikazioa, askotariko ezintasunak... Bizitzaren alderdirik ilun eta gordinenei umore beltzez, sarkasmoz eta autoironiaz begiratzen die

Juan Luis Zabala (Berria)

Literaturari ia-ia modu organikoan lotutako idazlea da Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962), inoiz literatura uzten ez duena, literaturak inoiz uzten ez duena. Beti eder dena aforismo liburua eta Bestiarioa. Hilerrikoiak eleberria argitaratu zituen iazko udazkenean, eta orain Zer gerta ere ipuin liburuarekin abian jarritako dekalogiako seigarren liburua amaitzen ari da, berrehun inguru ipuin laburrez osatua. «Oso lan nekosoa da».

Bestiarioa. Hilerrikoiak eleberrian, idazleak idatzi egin nahi du, baina heriotzak eragozten du, aldiro forma ezberdina hartuta, idazlearen asmo hori. Zer harreman dute heriotzak eta literaturak?

Heriotza da nire betiko kezka nagusia. Paradoxa badirudi ere, heriotzak ematen dio zentzua bizitzari. Urteekin, adinarekin, jendeak ikasi egiten du horrekin bizitzen, baina nik ez dut oraindik ikasi. Hori da nire obsesioa. Mundu guztia hiltzen da, eta hil egin behar dugu, baina hori onartzea edo baitaratzea oso zaila egiten zait.

Literaturara laguntza bila jotzen duzu?

Nik uste dut literaturak gauza asko ulertzen laguntzen didala. Kanpora begira ez gehiegi, baina bai barrura begira. Literaturak erakutsi dit nolakoa naizen. Nik, bestela, ez nuke neure burua ezagutuko.

Heriotzaren ezinbestekotasuna onartzen ere laguntzen dizu literaturak?

Heriotza onartzeko modu bat da, azken batean, Bestiarioa. Hilerrikoiak nobelan agertzen dena: heriotzari barre eginez. Sarkasmo handia dago nobelan. Heriotza da, baina beti besteena, ez kontalariarena. Tragedia gauzarik komikoena da batzuetan. Nobelako egoera tragikoak dira barrea sorrarazteko egokienak.

Literatura zuretzat terapia dela aitortzen duzu, beraz.

Nik beti esan izan dut literatura niretzat terapia dela. Batzuek esaten dute literatura ez dela terapia, eta haserretu ere egiten dira. Baina ni literaturak sendatu egiten nau. Poesiak, esaterako, gizarteratu egiten nau. Prosaren bidez nire ondoezaren berri ematen dudan modu berean, poesiak adiskidetu egiten nau bizitzarekin, munduarekin, naturarekin, maitasunarekin... Hori dena dago neure barruan.

Beste liburu batzuen kasuan bezala, zeure ezaugarri asko ditu kasu honetan ere liburuko kontalari eta pertsonaia nagusiak. Autofikziorako joera handia duzu.

Neure buruari barre egitea gustatzen zait. Liberazio modu bat da, babes mekanismoa. Neure autismoari eta nire ezinei barre egiten diet, ironiaren eta sarkasmoaren bidez. Egoera aski normalen aurrean, kontalariak ez daki nola jokatu behar den eta zer egin behar den. Nobela bat idatzi nahi du, eta beti, hau dela edo bestea dela, nobela atzeratu egiten du. Azkenean, benetan nahi duena mahaitik altxatu eta dena utzita beste zerbaitera dedikatzea baita. Nik askotan esaten dut idazteak daukan unerik onena idazteko lana bukatzen duzunekoa dela. Hori da idazteak ematen dizun saria.

Baina zuk berehala ekiten diozu beste zerbait idazteari. Nola izan daiteke horren idazle oparoa idaztean gozatzen ez duen idazlea?

Zergatik idazten du idazle batek? Zergatik egiten du artea artista batek? Jende arruntak ez dauzkan kezka batzuk dauzkalako buruan. Horrek obsesioa sortzen du, ondoeza. Nork bere buruarekin duen borroka dago atzean. Horrek nekatzen nau. Baina ezin dut hori saihestu. Tarte batzuetan, mendira joaten naizenenean edo lagunekin nagoenean, ahaztu egiten zait, baina gainerakoan beti naiz idazle. Baina, Kafkak esaten zuen bezala, idazlea eguneko 24 orduetan da idazle, eta idazleak idatzi egin behar du. Esaten ez dudana idazten dut nik; etxean esaten ez dudana, edo lagunei esaten ez diedana idazten dut. Bakoitzak bere gurutzea dauka, eta idazle edo artista gehienok autista samarrak garela uste dut. Egia esan baino gehiago, literaturak errealitatearen beste aldea erakutsi behar du, ispiluaren beste aldea, iruntzia, jendeak ikusten ez duen hori. Jendeak ikusten ez duena ikusteko gaitasuna behar du idazleak.

Egiaren iruntzia fantasia izaten da, maiz, zure literaturaren kasuan behintzat.

Irudimenean hazka egiten dudanean, ikusten dut badaudela oraindik esan ez diren gauza batzuk, eta horiek esan behar direla. Alde horretatik, idazle fantastikoa naiz. Euskal Herriko gatazka politikoa, esaterako, literatura idazteko materia gisa ez zait batere interesatzen, ez dut sekula idatziko horretaz. Hasteko, ez dakidalako istorio normal edo ortodoxo bat idazten. Beste zerbait behar dut.

Testu laburretarako joera duzu nagusiki.

Nik idazten dut gorputzak eskatzen didan adina. Denbora libre askorik ez daukat, baina daukadana horretan ematen dut neurri handi batean. Idazten duzuna daukazun denborari egokitu behar diozu, eta ni gauza laburretan saiatzen naiz batik bat: poemak, haikuak, apunteak, ipuin hiperlaburrak... Nobela labur bat idazteko, Bestiarioa. Hilerrikoiak-en neurriko bat adibidez, opor garaia aprobetxatu ohi dut. Ez daukat nobela luze bat idazteko astirik, eta ez zait gehiegi interesatzen gainera. Nik egunean zehar ez daukat denbora asko idazteko, baina bai pentsatzeko, eta pentsamendu horietatik testu laburrak sortzen zaizkit.

Ez dizu frustraziorik sentiarazten nobela mardulik ez idazteak?

Ni oso gustura sentitzen naiz egiten dudanarekin. Ez naiz pazientzia handikoa, eta ez dakit denbora tarte handiagoa izanik ere nobelarik idatziko nukeen. Gainera, egiten ari naizenaren balioaz dudak dauzkat beti. Poema batek edo apunte batek balio ez badu, ez da ezer gertatzen, baina ahalegin baten ondotik idatzitako nobela batek ez badu ezertarako balio... Eta ikusten dira horrelakoak.

Maiz entzuten dira gisa honetako komentarioak: «Gai alaien inguruko liburuak maite ditut nik, aski nahigabe eta oinaze baitu lehendik bizitzak». Zer esaten diezu zuk hori esaten dizutenei?

Nik idazten dut idatzi behar dudana. Hortik aurrera... Batzuek esaten dute argitaratutakoan liburuak bizitza hartzen duela, baina niretzat alderantziz izaten da: argitaratutakoan, liburua niretzat hil egiten da. Atseden bat bezala izaten da.

Kritikak hobeto tratatzen al zaitu publiko zabalak baino?

Nik baietz uste dut, baina ez dakit seguru. Ezin dut ziurtasunez esan zenbat irakurle ditudan, sekula ez baitut inor ikusi nire liburu bat irakurtzen. Salmentei dagokienez, Bota gorriak da salmenta itxurosoa duen bakarra, bost hizkuntzatara itzulia dagoelako. Gainerakoan, hortxe gelditzen dira liburuak.

Liburuetatik aparte, ez duzu presentzia handirik egungo euskal letren plazan.

Argi dago ez naizela komunikatzaile ona. Pare bat aldiz izan naiz ikastetxe batean nire liburu bati buruz hitz egiten, Idazleak ikastetxeetan programaren barruan, eta esperientzia penagarria izan zen. Poemak irakurtzen ere ez naiz ia inoiz aritu. Ez naiz horretarako gai. Philip Larkinek esaten zuen poesia ez dela errezitatzeko, irakurtzeko baizik. Errezitatzerakoan, entzuleak ez baitu laurdenik ere harrapatzen. Abestiaren bidez emateko balio du poesiak, baina poesiak errezitatzen entzuten jendea asko aspertzen da.



 

literatura

«Nire barrura begira gauza asko ulertzen laguntzen didala uste dut; nolakoa naizen erakutsi dit literaturak»



© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.